PILOTARHITZA Besterik badea gure herrian, orotan bezala funtsean, debalde bezain beharrezkorik? Ez dü deusetako balio, alta gaü eta egün gira haren ondoan, izan dadin pilota ala hitz jokü, non ez den dantzan bezala korpitza jokoan. Non ote da hartan edertarzüna, non jentetarzüna? Zertako txostakatü, hainbeste nahi gabe izanik mündüan? Eta hau balitz nonbait biziaren giltza, herioaren ohiltzeko goiz ihitza? Galto horier ihardesteko, müsika zahar-berri, dantza eta poesia, bai eta hitza pilotari. Pilota, dantza, müsika eta hitza alkarri josirik, honako herri maitale hauekin: Mizel THERET euskal dantzari-koregrafoaren inguruan bildu giren musikariek. Bera aspalditik halako bideetan ebilten da, euskal kultura herrikoian bere betikotarzüna bilatüz (dantza sorkuntzak egin zütüan bere leheneko EKARLE konpainiarekin). Michel ITURRIA Mauletarra da eta cesta puntalari profesionala izan da Estatü batuetan. Orai pilota erakasten dü Maulen eta ttipidanik dohain berezia badü mogimentü bakotxari halako graziaren emaiteko. BERTSULARIAK ere hor dira, pilota eta hitzaren berriz josteko, joküaren bidez, ardüra herri hontan maleruski kirola eta euskara ez beitira beti ber bideetan ebilten! Aldioro bi bertsulari dira jokü poetiko hortan sartzen, bapatean prefosta! Mixel ETXEKOPAR, Xiberotar xirularia, XIRU jeialdiaren antolazalea eta ikusgarri honen sortzalea da. Zaharra eta berriaren arteko zübi egilea. (Xirula, Ttun ttun, kontrabajua, klarinetea) Jean-Christian IRIGOYEN-Galtxetaburu, Gamarteko eskü soinülaria (Baxe Nafarroa), aspadiko urteetan euskal musika bere baitan karreatzen düana, mündükoarekin bat eginez. Pierre THIBAUD, Gironde alteko gaskoindarra, perkusio joilea, izan dadin hanko atabaletan, ala berak sortzen dütüan sonü eder bezain sarkorretan. Pierre VISSLER (elektro akustikoa) Xiberotarra, euskaldün berria, herria, hizkuntza, jenteer behatzen laket dena; ikusgarri hontan pilotako sonü andana bat grabatü dü eta hurak dütü erabilten züzenean.
|