Batzarri > Züek Heben

5. emanaldia 2015eko urtea BARKOXE

  
— Barkoxtarra zira ?
— Ez, ni Gaztelondon sortürik !
Barkoxe. Zabal. Lüze. Oilauki, Aranbeltze, Larraja, Txapela, Gaztelondo. Gaztelondo ! Izena bera mintzo da Xibero osoan : 
« Gaztelondo handian agitü niz arrotz… » Etxahun Barkoxe arrotza zen bere herrian, bizi osoan arrotz. Bena « ahaide deliziusetan » zonbat berset, zonbat bertso ez deikün ützi ! Gü ere arrotzak ginen, lauetarik hiru, bena arrotzari Barkoxen zor zaion batzarria üken dügü, plazan, bürgüan, karrika zolan bezala etxau aüzogüne orotan. Egia Gaztelondo zolatik Larraja azkenera hamabost kilometro direla eta etxau horiek bizi nasaiago üken düela, eskola ere, lau izan beita denboran, Gaztelondon, Txapelan, Larrajan, eta karrikan prefostan, hau denean orai bakotxa. Lürrez ere hamahiru herri honkitzen dü Barkoxek, erdia eskaz Biarnon, eta besteak Xiberoan. Landako etxe zonbaitetan eüskaldünak izan dira aspaldidanik, bena basa bazter orotan bezala han ere etxeak hüstü ziren, hütsik dira, zerabilen eüskara amiagarri hau ere azken bizizalearekin ixiltü zen… Alta Larrasket apez barkoxtarrak nabaritü eta ikertü züan xehe xehe horko eüskaldünen doinüa, sonüa *. Ez gitean halere zinkurtietan gal, hiru egünez euskaraz berrikatü beikira adineko, gazte edo haurrekin bardin ! Eta zer euskara, Ahargo eta Kanbillu arteko naba bezain koloretsüa. Xiberotarra nola mintza hala kanta…
Gaztelondo balinbada gaztelü bat badate. Bai eta Gaztelü ondoko garatea, Gaztelü-Gat izeneko etxaltea. Lepo ederra Txapela ibar bürüan, zabal, argia. Han gazna egiten düe, laborantza bizi da, euskal hitza ere, bai eta horrekin doan toponimia aberatsa. Hau güzia Maidalena kaskoaren ondoan.
« Barkoxeko apezak oro dira manexak » zion Barkoxeko poeta minberak. Hala izan bada orano ez aspaldi, plazako apezetxe handia zerratürik da orai. Eliza hor da haatik, hilerriak, gerlako hilen oritharria ere, ezin üka, bai ostatü eta saltegiak ere zabalik. Farmaziak ostatüa beno erosle haboro düke astegünez behar bada… Bena osagarri etxe berri berria da herrian eta zerbitzü zonbait etxekiak dira, ez beita güti herri zabal bena ttipi batetan.
Barkoxen seküla ez da hürrün ez dantza, ez kantorea. Ostatü edo etxe andanatan non nahi ikusten da pastoralak eta maskaradak harroki erakatsirik. Etxahun pastorala lau hamarkadaz lau aldiz eman zen ! Plazan agertzea aski da guretako dantzari zahar batekin gerla ondoko maskarada eta pastoraletaz berrikatzeko. Dantza eskola ospetsüa hebenkoa, oraiko gazteek dakie nori düen zor, hor beitira plazan, begi zorrotzarekin.
Kantatzea halaber, bi Etxahunen itzalek argitzen dütüe sükalteak eta ostatü zokoak. Attuli herritar begi bezain botz argiaren oihartzüna ere badabil heben gainti, ützi dütüan hitzak haurren ezpainetan kurri beitira.
« Lehen hala, orai hola, gero ez jakin nola » dio erran zaharrak. Denentako balio düke, eta zer datekean Barkoxe geroak erranen. Laborantzak zoko güziak berde, ardi marrakaz beteko düanez, etxe zonbait berriz zabaltüko direnez urte orotako, Nizibar hura bezala… Egia erran beharra aüzo düala « Paradis » izeneko etxea ! Haurren uhatxak euskaraz alageratüko düen herriko plaza… Segür dena bizi nahian dela, eta alagera ere üsü.
Proba ederrena Sylvain Lexardoiren ostatüa betetzen dela eta gü harridüraz eta plazerrez erran deiegüla : « Züek heben ! »
Biba züek, biba gü eta biba-rkoxe !
 
*« L’accent dans le basque souletin…. » - J Larrasquet – 1927.
Mixel Etxekopar

Gure kreazioak > Züek Heben, Euskal Herriko atlas geo-poetiko bat marrazten