Batzarri > Züek Heben

6. emanaldia 2015ko agorrilaren 6an IRUNA

  
 Arga ostatuan eta Arrotxapeko auzoan
 
Mundu bat dabil hemen !
Nekaneri lehentzea lan da !
6.30tan heltu, erran bezala, bena 6.30tako jada burduin pertsiana zabalik da, argia pizturik, bi langile barran, kafe urrina eta hozkailuen kurruila a tope !
Arga taberna, ostatu ttipia bai. Bena aski handi kafe antzoki izateko: behin 80 ailhatzale sartu zen, flamenco emanaldi arrats batez ! Eta zonbat amanaldi geroztik. Heben lekurik ez da....galtzen. Zentimetro karratu bakotxa erabilia da. Eta zentimetro kubiko bakoitxa ere : Mezzanina batetan mahainak, lur azpian beste gela bat. Bi hauetan ni bezalako batek burua ezin altxa kuzkatu gabe. Bena lekua baietz. Terraza ederra ere bada, iztal goxo eta guzi. Kasik ostatuaren hein bardina. Eta bera mintzo audela, paret handia osoki margoturik  ! Aro gaitzaren usukien jakile. 2013 an Arga errekako hurak gaintitü ziren, itsuski, eta auzogune guzian bezala Arga tabernan sartu zen, metro bat hur gaitz ixuriz.
Ostatu honek hirutan hogei bat urte badu. Luzaz hiru etxe baizik ez da izan unguruan, besterik ez. Nekez baizik ez daite asma, hain beita  hiri-berritu  Arrotxapeko auzo hau,  etxe bertikalez  beterik orai.
8.00ak. Etxekandereak musika piztu du, musika « ofiziala ». CDan emazteak kantuz, « Amets bat » … Bi botzetan, kantaria, eta ostalerra bera. Musika ofiziala diot, zeren hau piztu aitzin dena oro zait musika : Buenos dias, Egun on, cafecito, kafe makina, hozkailuak, kanpoko motorra, polifonian, eta orkestra zuzendari eta kantari bakarlari, Nekane, bere presentzia beroarekin ! Jatetxeko kartak ere badu bere musika, bere kolorea : txorizo sagardoan, fritoak, urdazpi iberikoa, axurki xilindron eta … Migas del Aitona ! Migak hemen ? Izena eta izana. Nekaneren aita ere hemen usu dabil. 80 urteak igaranak, bena hor denean miga egilea bera. Mundu bat dabil hemen !
Tabernari buruz etxe bat, gora. Karrikaren heienan « Landare » denda kooperatiba, goizetik arrats langile euskaldun andana batek joanarazirik.
Gorago bi estaiatan, ijitoak, gitanoak, horkoak. David semettoak harri botaka ari zaiku bere habailarekin... Beste bi mutil gazte karrikan, pilota eskuan, paret itsuaren kontra klaska. Esku huska, Euskal Herriaren ikurra, gitanoen eskuetan ! Ez Brasilgo zanko balua, bai pilota ! Egia Iruñan pilotarako fama ederra düela horiek, aspaldidanik. Oraiko bzian haatik, jentartean beste kontua da. Beren leheneko ofizioak utzirik, orai sal-eros-joko arriskutsuetan sarturik, hil ala biziko borroka, bere ondorio latz guziekin...
 
Amaiur 1512, Arrotxapea 2015. Zer galdu den ikasi dut. Bena orano zer bizi den nork asma lezake, Iruñako hiri handi hontan sartzean, dena saihesbide, industria eta komertzio anonimo haietan ? Alta, mundu bat bada, euskal mundu bat ere. Amaiurko galtzale haiek emaiten züen euskarazko hitza badago, baldin eta zure (gure) frantses azal hau hau uzten baduzu bazter... Eta kantuz ere, Arrotxan kantuz taldea ere hor dugu. Itzuli bat aski da « gurea » pil pil dagola ohartzeko : Eusko mintegia (?), LAB sindikatua, (50) langileekin (!), Euskal Irakasleen elkartea, Duguna eta Ortzadar taldeak ere hor ganinti... Eta ikusi ez dugun zonbat ! Harriagarriena halere, beti tabernan dugu, Nekaneren euskarak besteen hitza libratzen beitu, heben bakoitxak berea ibiltzen du nehori kalte egin gabe, eta bere burua ukatu gabe. Mundu bat. Euskal mundu bat. Dener idekia. Egunoroztakoa.
Ostatutik 10 metrotan, borta bat, eta borta gibelean beste mundu bat, beste mundua kasik. Andrea Morton Argentinar margolariarena. Atean joiten ez bada aldiz, mundu hau arrotz baratzen zaizu, eta zer pena lizate hori ! Guk ez dugu hanitx ikusten gure bisita efemeroetan, bena guk ikusten duguna zonbaitetan nehork ez du ikusten !
 
Arga erreka ondoa jakile : 100 urtez nola kanbiatu den, orduko lavanderen kalaka eta izerdiak, orai bulegoetako langileen jogging-izerdi lekuak. Alta lavandera hauen oihuaren arrastoa ikusi dugu, lekukoek ez beitzüen borogatu batek ere , eta zer nolako oihua :
« Albañil de mi vida
Cuanto te quiero
Del aldamio mas alto
caigas al suelo » !
Lehen ere jentea jentea, amodio eta herra auzo lehen...
San Ferminak igaran berri, San Saturnino Santa Maria del camino erdi lo, San Laurentzo iratzartzen ari, besta Astelehen hontan. Santurik gabe bestarik ez Iruñan, bena zonbat santu ez da ! Agorrilako urrats mantsoagoan, bena karrikan Karrikiri zaharra eta Katakrak berria: euskal kultura ageri, libru disko, ostatu eta guzi. Euskal Herri Irratia bere irrintzi dorre ederrean, hantik ageri beitira bortuak, hantik beretik euskal hitzaren zabaltzen.
Ez jakin zergatik bena bero izanagatik haize freskoa sendi da Iruñan, Udaletxean auzapez berria Gasteizko bestala joanik, Parlamentuan Uxue Barkosek ez aizina gure hartzeko, bena ikara goxo zerbait nabaritzen dut airean... Behar bada Joxe Miel Bidador beti gazte baratuko den nafar su pizlea pozik date ikara hau senditurik?
Hau da, orai badakit : « Gartxot » aire bat sendi da hemen! Arturo Campionek ez deit bestrik erranen. « Gramatica de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara » bere « adreilu » batetan, Tejeria karrikan, soizue zer abisu egiten deigun :
 
« Zuen lege zahar beneragarriak galdu zinituzten atzo. Zorigaitz handi bat da galtze hau.
Ez itzazu, arren, galdu orain zuen hizkuntza paregabea ; lotsaz beteko zaituzte galtze horrek jaungoikoaren eta kondairaren aurrean.
 
Iruñan, 1884garren urteko garagarrillaren 12an,
Arturo Campion »
 
OK boss, let’s goazen, eta ohar zaite mundu bat zebilela hemen, eta dabilela orano, ehun urte berantago, mila urte berantago. Bena ez nola nahi haatik : ZÜEK HEBEN !
 
 
Irabarneko aize epailea
Mixel Etxekopar
Gure kreazioak > Züek Heben, Euskal Herriko atlas geo-poetiko bat marrazten