
Hebentik
Kültür herrikoia eta sorkuntza güne bat Xiberoan
2017 |
OIHANEKO ZÜHAINETAN Maule Baita Maule 2017ko azaro. 12an Xiberoa Zinez egunetan, HEBENTIKen zinemaldian Filma, kontzertua, anai arreba elibat, dozena bat kantari, zazpi musikari. Ikusle oihan bat gelan tinkaturik. Elsa Oliarj-Inès-en dokumentalaren estrena: "Basa ahaideak Les airs sauvages". Xiberotarraren bigarren film honek ikusmin handia sortzen du gure ibarrean. Egia da bera zinez inplikatua dela bere irudietan. Eta aldi hontan ere gaia oso aberatsa eta bihotzekoa hemengo jendeentako, izan kantari ala entzule. Kantu handi monodiko hauek XV. mendeko ixtoria kontatzen dute, Berterretxe, edo txoriaren hegaldi ixila, hitzik gabe, Belatxa kasu hontan. Lehentze arratsalde hontan filma eta kontzertua bilduak dira. Hasteko egitasmoa Oihan Oliarj-Inès-ena da, anaia, zoinek bere buruari desafioa bota baitu, kantu hauetarik batzuen musikatzea. Errespetuz eta ausardiaz. Abentura hontan ibarreko kantariak eraman ditu, akapela grabatuz berek hautatu ingurumenean, besterik gabe. Gero berak bere gogotik musikak asmatu ditu, bere "elektriko" iturritik, kantu hauen laguntzeko xedearekin, grabaketa berri batetan. Ez da nolanahiko lantegia , Oihanek nahi die kantueri libertatea utzi, bai eta kantatzeko manerari ere. Libertate hitz hau egia erran usu entzuten dena da filmean... Elsa arrebak hatsarretik jarraiki du xede hau, bere dudak ere, musika egilearenak, kantarienak, izerdia bezain nabari baitira "Lanbarako Nazioarteko Estudioan". Eta hor dago muina: kantu hauek ahal dutea, behar dutea nahasi gitarra elektrikoari, bateriari, kultura industrialaren umeak, zoinek sarrarazi baititu bat-biko erritmoan hainbeste musika hain aberats eta libreago zirenak? Segur dena da 2017. hontan, xiberotar gazte batek kantu horiek bereganatzeko beharra duela, eta hau dugu bai berri ona! Kantu horiek gazte hau haurtzarotik hunkitzen dutelakoz ere! Kantuentzat, kantu hauek karreatzen dituen lurrarentzat, bai eta haien emaiteko manerarentzat duen maitasun hau filman ere izerdi da, bai eta ere zuzeneko kontzertuan agertzen den bakoitzaren parte hartzean. Azken oreneko ustegabeak ere konponduak: Pette Jaragoihenek Berterretxen kantuaren hamasei berset epikoak ederki igorri, Raphaël Parisetik etorri, Jérôme Magma talde ospetsutik libratu hemengo magmaren erroen gurutzatzeko, Maddi Oihenart, Niko Etxart, eta hainbeste... Jean Mixel Bedaxagar ere hor dugu! Hura haatik ez da konbentzitua bi "mundu" hauen nahasteaz, baina baietz sendi du zerbait gertatzen dela, transmisioa martxan dela, gazteek iturri horren beharra dutela. Publikoak ere badaki zer jokatzen den azaroko arratsalde euritsu hortan, Mauleko gela ilun batetan... HEBENTIK elkarteak naturalki erabaki du xede horri leku egitea, XIBEROA ZINEZ EGUN hauetan, zinemari eskeniak, bi urte oroz antolatzen dituenak. Egunaldi hauetan "Made in hemen" erakusten dugu, bai eta gure herria begiratzen duten begi sortzaileen obrak. Ez zen ez gauza sinplea, hainbeste artistaren bildurik ikustea. Baina sugarra hor zen, eta elkarte kideek, taulakoak bezain sartuak, kolore ederra eman dute emanaldier. Urriaren 27 eta 28an Garindaineko Marc Lahoreren filma ( The Open, fikzio ausarta eta ederra), Barkoxeko Pette Etxebarriarenak (labur metraiak, poesiaz josiak), eta Donibane Lohitzuneko Sandie Louitena (Zamalzain fikzio barrokoa) erakutsiak izan dira, egileen presentziarekin, bai eta Jean Michel Rodrigoren "L’indomptable" filma (Federica Montseny katalandar emazte ospetsuari buruz, hau Kataluniaren independentzia aldarrikapen egunean!). Hortarako partaidea genuen Maule Baita zine elkartea, honki jina egiten baitauku engoitik . Eta geroa, geroko gisa, Pette kantari gazteak zion bezala, " filma da bide poxi bat, lehen izan da, eta gero ere izanen"! Biharamun zoriontsuak agiantzen ditugu filma honi, musika xede honi, xiberoko arteari, HEBENTIKek haste hastetik zaintzen duen horri: "arte herrikoi eta sorkuntza gunea". Emanaldia aurkeztu den bezala, hau da "xenda bat, iturritik itsasora, ahantzi gabe itsasoko ur ttantta bakoitzak badakiala iturriari zer dion zor..." Audio CD bat atera berria da (Oihaneko zuhainetan), bai eta DVD bat; filmaren hedapena ere abiaturik da, France 3-n, eta Euskal Telebistan ere. Parte hartzaileak: Hebentik (Mauleko emanaldiaren antolaketa) Elsa et Oihan Oliarj-Inès (film eta musika) Maule Baitako zuzeneko emanaldiko kantariak: Niko Etxart, Maddi Oihenart, Pette Jaragoyen, Maider, Mayalen et Beñat Larrory, Laura et Léa Etchegoyhen, Maika et Mixel Etxekopar, et Jean Mixel Bedaxagar. Musikariak: Bixente Etxegarai (tronpeta), Pierre Latute (tronboia), Raphaël Raymond, (gitarra, teklatua), Lucien Favreau (teklatua), Jérôme Martineau (bateria), Jérémi Garat (txeloa), Oihan Oliarj-Inès (gitarrapala eta konposaketa), Mixel Etxekopar (Xirula ttun ttun), Aldudarrak et Point du jour (film ekoizleak). |